2024/11/18

Santa Zezilia lagun artean Juan Mari Beltran eta taldearekin

 

arg:Biteriko emanaldia


Protagonistaren laukotea, Hernaniko txistulariak eta Errenteriako musikariak bilduko dira ostiral honetan Biterin

Hernaniko Herri Musika Elkarteak antolatuta, ostiral honetan, 19:00etan, 'Juan Mari Beltran: Lagun artean' kontzertua eskainiko da Biteri Kultur Etxeko auditorioan. Emanaldiak Santa Zezilia egunarekin bat egingo du.


Juan Mari Beltran Argiñena (Donostia, 1947), musikaria, musikologoa eta irakaslea, egungo Euskal Musika Tradizionalaren ikertzaile garrantzitsuena da. Bere lana "aitortu eta eskertzeko" Juan Marik urteetan zehar sortu, bildu edo egokitu dituen doinuekin kontzertu bat eskaintzen da. Bertan parte hartuko dute Hernaniko txistulariek, Errenteriako Herri Arte Eskolako dultzaina eta alboka taldeek eta Juan Mari Beltranen laukoteak. Beltranek berak (txistua, dultzaina, alboka, gaita, klarinetea, arrabita eta ahotsa), Errege Beldak (akordeoia), Ander Barrenetxeak (perkusioa eta ahotsa) eta Aitor Gabilondok (ahotsa) osatzen dute taldea. Hernanin eskainiko duten kontzertuan hamaika obra interpretatuko dituzte, gehienak Juan Mari Beltranenak berak, soinu herrikoien pisu handiarekin.

Urteetan egindako landa-lana eta argitaratutako diskoak eta bibliografia ezinbestekoak izan dira gaur egun dagoen ondarea izateko. Besteak beste, 'Soinu tresnak euskal herri musikan' (Egin, 1996), 'Dultzaina Gipuzkoan' (Soinuenea, 2015) eta 'Alboka: inguru folklorikotik eskolara' (Soinuenea, 2013) liburuak argitaratu ditu. Diskoen artean aipatzekoak dira 'Txanbela' (IZ, 1984), 'Arditurri: gogoaren bidezidorretatik' (2002, Elkar), 'Orhiko xoria' (2006, Elkar), 'Amasatik Arratera' (2007, Herri Musika Zaleak), 'Hots-larretan' (2014, Syntorama/Soinuenea) eta 'Kostaldeko soinuak' (2019, NO-CD Rekords). Juan Marik herri musika ere ikertu du hainbat hamarkadatan. Tresnen ikerketa, bilduma handitzea eta osatzea, erabileraren eta testuinguruaren ezagutza, grabazioak... Informazio eta material guztia Oiartzungo 'Herri Musikaren Txokoa' museoan aurki daiteke. Soinuenea fundazioak kudeatzen duen dokumentazio-zentroak 2002ko martxoaren 1ean ireki zituen ateak, nahiz eta proiektua 1994tik martxan egon. Gaur egun, liburutegiko, fonotekako, irudi-fitxategietako eta tresnetako datu-base zabala du, baita interneteko plataforma digital osoak ere. Aipagarria da Eusko Ikaskuntzak eman berri duen Manuel Lekuona saria, 60ko hamarkadatik gaur egunera arte herri musikaren inguruan egindako dibulgazio lan multidimentsionalagatik.

Hernanirekin lotura

Musikari gisa Juan Mari Beltranen lanbidearen zati handi bat pedagogian zentratua egon da. Hernanik zerikusi handia izan du bere ibilbidean atal honetan. 1985ean herriko Udalak bertako musika-tresnen aldeko apustua egin nahi izan zuen, bertako Musika Eskolan aukera horiek zabalduz. Urte horretan alboka, txistu, dultzaina eta txalaparta klaseak ematen hasi zen eta gaur egun Hernani Musika Eskola Publikoa da. Horrek udalerriarekin harreman estua izatera eraman du.

Gaur egun musika tradizionalaren inguruan egiten diren ia jarduera guztiak (kalejirak, kontzertuak, saio didaktikoak...) Beltranek bultzatu ditu hasieran. Eskolak jaso dituzten hainbat ikasle irakasle bihurtu dira, baita Hernaniko Musika Eskolan bertan ere.

Juan Marik Hernaniko jaietako hainbat ekitalditan parte hartu du eta parte hartzen jarraitzen du. Gainera, Txalaparta Festaren bultzatzaile nagusia da.