2024/07/21

Kaxkoan Karmen eguna




Aldaba, lore sorta eta aginte makila jasota, alkate berria du Hernaniko Kaxkoak Giro ezinhobean ospatu zuten atzo Kaxkoko bizilagunek Karmen eguna. Ekitaldi ugari egin zituzten egunean zehar, baina guztietan hunkigarriena eguerdiko omenaldia izan zen. Herritar asko elkartu ziren Kale Nagusiko 41. atarian, Nekane Azkue Orayen Kaxkoko alkate berriaren izendapena ikusteko. Maitere Goñi Alzagariren eskutik jaso zituen aldaba eta aginte makila. Nekane Azkue Orayen oso eskertuta agertu zen herritarren aurrean, eta pozarren ekin dio 'legealdiari'. Izendapenaz gain, aurtengo omenduek ere izan zuten euren tartea. Eli Pagolak egindako bertso bat jaso zuen establezimendu bakoitzak (beheko taulan irakurgai), eta agurra ere dantzatu zieten. Bazkari herrikoietik sardin jatera, etenik gabe Goizeko giro onak jarraipen luzea izan zuen arratsaldean. Omenaldiaren ondoren bazkari herrikoia egin zuten Plaza Berrin, eta ordutik aurrera hura izan zen festaren erdigunea. Toka, igela eta botera jokatzeko aukera izan zuten helduek, eta puzgarrietan nekatu ondoren txokolatadarekin indarberritu ziren gaztetxoak. Urteroko legez, sardin jatearekin borobildu zuten eguna. 


Bertsoak:
 
NEKANE AZKUE ORAYEN
DOINUA: Habanera
 
Hernanira etorriak 
Joaquin eta Mariana
etxea eraiki zuten
errotatxo bat zeukana.
Pentsu negoziorako
harek egin zuen lana
baserrietan izateko
abereei zer emana.
Familia abizena
eta bere iragana
belaunaldiz belaunaldi
iritsi da zuregana
ez baita nolanahikoa
Orayendarren afana
ta Kaxkoko historian
lekua egin izana.


ERRIOGUARDA
DOINUA: Antton eta Maria 
 
Errioguardako guardak
lotuak aspaldi
pretentsiorik gabe
sukalde lanari.
Mila esker Elena, 
Antton ta Juan Mari
irekitzeagatik
gure herriari
ate tradizional bat
berritasunari.
Omenduak: Juan Mari Izagirre Balerdi, Elena Izagirre Balerdi eta Antton Elorza Puyadena (Errioguarda jatetxea).

OINDI
DOINUA: Itsasoari begira 

Lau gazte lerden ikasten joanak
beharrak agindu ahala
San Juanak bertan eta umeak
hankapean zebiltzala
bere ohitura, bere argazki
taberna bat zerbitzala
zenbat herritar sentitu diren
bertan etxean bezala
ta esan gabe utzitakoak
Onddik ixildu ditzala. 
Omenduak: Joaki Lujanbio Olano, Joxe Amondarain Huegun eta Pili Lujanbio Olano (Oindi taberna).

UKERDI
DOINUA: Ari naizela, ari naizela 
Noeren Arka zen mertzeriak
pijama eta galtzerdi
mende laurdenez artilez josi
zituen hainbat alderdi
ingurutako bezeroekin
lana ez denez izerdi
Kaxkoan eman duzunagatik
eskerrik asko Ukerdi.
Omenduak: Mª Ángeles Marzal  Cebollino eta Antonio Recio Gil  (Mercería Ukerdi)

No hay comentarios:

Publicar un comentario