Urumeako Kronikatik jasota:
Beste behin, Santa Zezilia, musikarien patroia omentzeko kontzertu berezia prestatu dute Kantuzek eta txistulariek.
Baina aurten, 20 urte beteko dituzte, emanaldi hau prestatzen hasi
zirenetik, eta horregatik, emanaldi berezia egiteko asmoa dute; hainbat
aldaketa egin dituzte.
Goiz Eguzki ere, Kantuzekin bat
Hasteko, partehartzaile berri bat izan dute lagun, kontzertua
prestatzeko: Kantuz abesbatzako ahotsei, Goiz Eguzki abesbatzako ahotsak
gehitu zaizkie.
Txistulariak, berriz, hutsik egin gabe etorriko dira zitara; Hernanikoez gain, inguruko herrietako batzuk ere etorriko dira.
Sandiusterritik, kalera
Hogeigarren urteurren hau ospatzeko egin duten bigarren aldaketa da nabarmenena; musika kalera ateratzea erabaki dute.
Orain arte, Sandiusterriko aretoan eskaini izan dute kontzertu hau. Baina aurten, herriko kaleetan barrena ibiliko dira.
Gaur eguerdiko 12:00etan abiatuko dira, eta kantuz eta musikaz alaituko dituzte Plaza, Tiloseta, Plaza Berri, Karkaba...
Txoko horietan denetan hainbat abesti kantatzeko geldiuneak egingo
dituzte, eta herritarrei dei egin diete ospakizunarekin bat egiteko, eta
musikariei laguntzeko.
Festa giroa nagusituko da, beraz, kalean, bazkalordura bitartean. Ondoren, bazkariaren bueltan jarraituko dute.
Txistua jotzeaz gozatzen degulako, hementxe gaude, txistua jotzeko beti prest.
2015/11/28
2015/11/22
Zorionak Musikari guztiei: Gaur Santa Xexili eguna baita
Neguko eguraldiarekin ekin diote Hernaniko txistulariek iganderoko kalejirari. Gaur Santa Zezilia eta Iztilargi biribilketak jo dituzte.
Zorionak doinua entzuteko HEMEN
Tag:
santaxexili
2015/11/14
Kalez Kale Kantariren 10. Urteurrenean
| |
| Goizeko ekitaldiko hainbat irudi |
HERNANIKO KRONIKAtik jasota:
Azken hamar urteetan, hilabeteko bigarren asteburuetan zita berezia izan dute Hernaniko kantu zaleek. Hamarkada bat pasa da, Kalez Kale Kantariko kideak aurreneko kale buelta egin zutela, eta hori ospatzeko egun berezia antolatu dute gaur. Euskal Herriko kantu zale guztiak izango dituzte lagun, eguerdiko 12:00etan egingo duten kale bueltan; eta bazkaria, erromeria... ere izango dira eguna borobiltzeko.
Iparragirreren kantak, Xabier Leterenak, Mikel Laboa edo Gontzal Mendibilenak... egile ezezagunen abestiak edo Hernaniri erreferentzia egiten diotenak... Euskal kantak dira guztiak, eta denek girotu eta goxatu dituzte Kaxko bazterrak, urte luzez. Urriaren 8an hamar urte bete ziren Kalez Kale Kantarik, aurreneko kale buelta egin zutenetik. Hamarkada bat bada ospakizunerako nahikoa motibo, eta aitzakia horrekin, egun osoko festa antolatu dute. Berez orain hilabete, urteurrenarekin kointziditu arazita ospatu nahi zuten, baina Patxi Apezetxeak ezin zuela eta, asteburu honetara atzeratzea erabaki zuten.
Beraz, gaur izango da egun haundia; gainera, gonbidatu bereziak izango dituzte. Batetik, urteurrena aitzaki, animatzen diren herritar guztiak; eta bestetik, Euskal Herri osotik etorriko diren kantu zaleak. Euskal kantuak eta festa izango dira beraz, gaurko plana.
Abiapuntua, Plaza
Kalez Kale Kantarik hilabeteko bigarren larunbatean egiten du kale buelta, Plaza Berritik abiatuta. Gaur ordea, 10 urteak ospatzeko, Gudarien Plaza izango dute abiapuntu. Hernaniko Bertso Eskolako kideekin egingo diete harrera, 12:00etan, Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako kantu zaleei. Eta ondoren, kantuan segiko du ospakizunak: gaurko bereziki prestatutako abestia kantatuko dute, Hernaniko koruak lagunduta. Eta handik aurrera, Kaxkoko kaleak izango dira ospakizunaren testigu. Eguerdiko 14:00ak ingurura arte, kantu kantari ibiliko dira, Andrekale, Karkaba, Kale Nagusia, Plaza Berrin... barrena.
Bazkaria ere izango da gaur, Atsegindegin. Kantuan ibili direnak, eta animatu diren herritarrek bat egingo dute, 14:30ak inguruan. Eta egunari errematea emateko, dantzak hartuko dio erreleboa kantuari: erromeria antolatu dute, 18:30etan.
«Balorazioa positiboa da»
Hamarkada honetako esperientzia, sentsazioak, errepertorioak... xehetasun guztien inguruan hitz egin du Kronikak, Kalez Kale Kantariko kideekin. Titular bat azpimarratu behar izanez gero, balorazio positiboa egiten dutela azaldu dute, beti ere errepasoan, izan diren alde onak eta ez hain onak kontuan izanda: «balorazio bat egiterako orduan, hasieran jarritako helburuak bete diren aztertu beharko genuke; alde baikorrak eta ezkorrak aurrean jarri». Kalez Kale Kantari sortu zenean jarritako helburuak errepasatzeari ekin zioten, orduan: «bilera haietan helburu batzuk jarri genizkion geure buruari. Garai batean, herriko kaleetan, jendea kantari ikustea normala omen zen, eta hori berreskuratzea zen, nahietako bat. ‘Normalizazio’ hori lortu dugula esan daiteke. Ohitura hori berreskuratu dela uste dugu. Kalean ibiltzen den jendea ohitu egin da gu kantari ikusten».
Jendeak kalean abestea, helburuetako bat
Beste helburuetako bat, ordea, ez dute nahi bezain beste lortu: «jendea kalean kantari aritzea zen beste helburuetako bat, eta ez dugu esango erabat lortu dugunik. Hala ere, egia da jendea abestera arrimatzen dela, adin guztietako jendea gainera; eta ondoan pasatzen den jendea, kantatzen ikusten dela. Batzuetan, jendeak txalotzen gaitu. Beraz, jendeak ondo hartzen gaituela esan dezakegu».
«Ondo pasatzea eta jendea alaitzea bilatzen dugu»
Parte hartzen duten guztiek ondo pasatzea ere bilatzen dutela azaldu dute antolatzaileek, eta hori bai, lortu dutela: «guk ondo pasatzea eta jendea alaitzea izango litzateke beste helburuetako bat. Kantari aritzea asko gustatzen zaigu, eta beraz, hori lortzea ez da hain zaila izan. Eta besteak alaitzearen inguruan, herritarrek hitz egin beharko lukete, baina lortu dugula esan genezake. Behintzat, egun horietan Kaxkoa alaitzen dugu, eta ez da gutxi».
Gazteak gerturatzea, erronka
Erronketako bat jende gehiago, eta batez ere gaztea, gerturatzea dela azaldu dute: «honetan hankamotz geratu garela esan daiteke, ez dugu asmatu, eta hau esan daiteke dela, alde negatibo nagusia».
Hala ere, irakurketa orokorra eginda, balorazioa positiboa dela diote antolatzaileek: «orokorrean, balorazio positiboa egin dugu. Batetik, mantendu egin garelako; nahiz eta jende gutxi azaldu, taldea nahiko fidela da. Bestetik, kantutegia haunditu egin dugulako. Baita ere, onerako edo txarrerako, ezagunak egin garelako; nahiz eta oraindik izango den jendea hilero ateratzen garela enteratu ere egin ez dena...».
«Esperientzia polita eta aberasgarria da»
Hamar urteetako esperientzia nolakoa izan den galdetuta, bi hitzekin definitu dute antolatzaileek: polita eta aberasgarria «hasieran arrakasta haundia izan genuen, 100 bat lagun elkartu ginen. Uste genuena baino haundiagoa. Baina denborarekin gauzak hoztu egiten dira eta ‘normalizatu’ ere bai. Orain 30-40 bat elkartzen gara».
40 bat abestitik, 100 izateraino
Aurretik aipatutako hainbat helbururi tiraka, euskal kantutegia zabaltzea ere, ekimenaren helburuetako bat zela aitortu dute Kalez Kale Kantariko kideek: «hasieran 40 kantako liburuxkarekin abiatu ginen. Handik bost urtetara beste 40 bat kanta erantsi genizkion. Orain dela bi urte 100 kanta izateraino irisi gara, liburuxka famatu horretan. Bertan, denetarik dago: Iparragirreren kantak, Xabier Leterenak, Laboarenak, Gontzal Mendibilenak, Xenpelarrenak, Tolosako inauterietakoak, egile ezezagunenak, Hernani herriari erreferentzia egiten diotenak, eta beste hainbat...»
Javier Zubimendi eta Patxi Apezetxearen laguntza
Abestien aukeraketan, kalean egiten dituzten geldiunetan, ‘zuzendari’ figura bat izaten dute Kalez Kale Kantariko kideek, eta hamar urteko historian, biren laguntza izan dute: Javier Zubimendirena eta Patxi Apezetxearena: «hasieran Javier Zubimendik lagundu zigun ‘zuzendari’ lanetan; arazo pertsonalak medio, ordea, utzi egin behar izan zuen. Eta orain taldeko kide da, kantatzera etortzen da besteokin, libreago. ‘Zuzendari’ lan hori konpartitua izan dela esan genezake. Izan ere, Zubimendiri Patxi Apezetxea txistulariak hartu zion erreleboa. Gainera, aipatzekoa da, ahal duen guztietan, bererarekin biltzen den txistulari taldea eskaintzen digula laguntza gisa. Ekimen honekin hasteko laguntza eskatu genionetik, orain 10 urte luze, txistua eta askotan ‘Donosti’ atabalaria izan ditugu lagun; ez dira sekula isildu. Eta kanten partiturak prestatzen eta tonalitatea ematen ere, asko lagundu digu. Taldearen alde egin duen lana benetan eskertzekoa da».
Momentu on asko, 10 urteetan
Hamarkada honetako ibilbidearen errepasoarekin jarraituz, momentu on asko bizitu dituztela diote antolatzaileek, baina guztien artean bi azpimarratu dituzte: «unerik onenak beste elkarteek egin dizkiguten errekonozimenduak izan dira. Portuko jaietan esaterako, Jai Batzordeak beraien jaietan parte hartzeko gonbitea egin zigun, eta azken hiru edizioetan izan gara bertan. Kantuz Abesbatzak ere, Euskal Jaiak beraiekin konpartitzeko gonbitea egin zigun, eta gustura asko aritu gara».
Laguntzeko prest
Gainerako herrietarako eredu izan daitezkeen galdetuta, ezetz diote antolatzaileek; nahiz eta eskatuz gero, laguntzeko prest azaldu: «ez dugu uste inorentzat eredu izango garenik. Hala ere, inguruko herrietan antzeko ekimenen bat sortzeko asmorik badute, gu laguntzeko prest gaude. Orain dela urte batzuk Astigarragan euskal kantu zaleen topaketa batean hartu genuen parte»
10 urte gehiago?
Etorkizunera begira, beste hamar urte, eta gehiago, egiteko prest daudela diote, gorputzak bale esaten duen arte: «Beste 10 urte? noski baietz, eta gehiago ere bai, gorputzak aguantatzen duen arte. Kantatzeko grina eta ilusioa ez zaigu oraindik bukatu. Oso gustura ateratzen gara kantatzera. Norbaitek publiko aurrean lotsa sentitzen badu, kantari hasi eta berehala eroso sentitzen da, lotsa hori galdu egiten du. Beraz, herritarrak animatu nahi ditugu parte hartzera. Ondo pasako dute, hori seguru».
Tag:
kalez_k_k
Suscribirse a:
Entradas (Atom)