Haritz Ezeiza txistularia " Bitartean" Hernaniko folk taldearekin dabil Europan.
Lehenengo diska kaleratu berri du Hernaniko Bitartean musika taldeak: ‘Bidean’.
Gelditu gabe dabiltza Bitartean
folk taldeko musikariak, iaz martxan jarri zirenetik. Taldea
sortu berritan, Galesen egin zuten tourra lehengo urteko abuztuan, eta
aurten ere, Europan barrena dabiltza udaran: Frantzian, Irlandan
eta Galesen izango dira, hamaika kontzertu ematen. Baina badute
beste nobedaderik: lehenengo diska kaleratu dute, Bidean izenarekin.
Frantzian, munduko kulturen jaialdian
Europan barrena eman beharreko gira Frantzian hasi zuen taldeak
uztailaren 17an; Gannat-en, hain zuzen, munduko kulturen jaialdian.
Dozena bat herrialdetako partaideak izan dira bertan: Belgika, Serbia,
Estatu Batuak, Kenia, Errusia, Kolonbia, Argentina, Irlanda, Vietnam
edota Japon, adibidez, eta tartean, Bitartean taldea aritu da,
Donostiako Gero Axular dantza taldeari laguntzen.
Hilaren bukaeran, ordea, dantza taldea Euskal Herrira itzuli zen, eta
Bitartean taldeak Irlandara egin zuen salto, berezko gira hastera.
Orain, berriz, Galesen daude.
Irlandan, gaelikoaren aldeko komunitatean
Hil honen lehenengo bost egunak Irlandan pasa ditu taldeak, Dublinen
eta Belfasten. Bertan hainbat kontzertu emateko aukera izan dute
musikariek.
Bide batez, euskeraren eta gaelikoaren egoeren berri ezagutu eta
ezagutzera emateko aukera izan dute. Izan ere, Conradh na Gaeilge
elkarteak eskatuta eman dituzte kontzertuetako batzuk; gaelikoaren
alde lan egiten duen elkartea da. Era berean, gaelikoz komunikatzen
duen Raidió na Life irratian ere izan ziren, eta baita Irlandako
irratirik garrantzitsuenean ere: RTE Radio Elkarrizketa entzuteko (00:25:13an hasten da)
Gales, iparraldetik hegoaldera
Giraren erdia egin du dagoeneko Bitartean taldeak, eta oraintxe Galesen
daude, hegoaldean: Llanellin eta Cardiffen emango dituzte kontzertuak.
Etzi, berriz, iparraldera egingo dute salto: Tywyn, Darowen,
Glantwymyn eta Aberystwyth-era.
Kontzertuak bukatu ondoren, azken bi egunak Meinir Gwilyim kantautore
galestarrarekin pasako dituzte. Lehengo urteko giran ezagutu zuten
elkar, eta aurten, bere hurrengo diskoan kolaboratzeko eskatu die
taldeko txalapartariei.
‘Bidean’ diskoa salgai
Udan majo lanean ari dira Lara Mitxelena, Sebastian Ustarroz, Ixiar
Jauregi eta Haritz Ezeiza. Baina urtean zehar ere gogotik egin dute, eta
emaitza kalean dago: Bidean, lehenengo diskoa. 10 eurotan erosi
daiteke Onddi, Kixkal, Garin, Rioja eta Kitto tabernetan eta Iparragirre
sagardotegian.
«Ez dugu estilo itxi bat», azaldu zion Kronikari taldeak lehengo urtean
egindako elkarrizketa batean, eta hala da. Ikutu euskalduna eta
argentinarra duten kantu propioekin eta moldaketekin osatu dute
lehenengo diskoa, txalaparta, akordeoia, gitarra, alboka, txistua,
kajoi flamenkoa, panderoa edota txaramelak nahastuta. Hernanin eta
inguruan «laster kontzertu batzuk emango» dituztela aurreratu dute,
lana erakusteko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario