2014/08/11

37. Txistulari Alardean

KONTZERTUA EITB.COM EN IKUSGAI NAHIERAN:Txistulari Kontzertuak.

Jon Ansorena, Peio Irigoien, Diego de Vera hirurak Hernanin egiten den umeen txistulari lehiaketan hainbat aldiz parte hartu dute eta hirurak ere sariak jaso izan dituzte. Larunbatean, abuztuaren 9an, ehun txistulari atzean zutela jo zuten, eta txistuaz edozer musika mota jo daitekeela erakutsi zuten.
EGITARAUA:
BERRIA egunkariak Xabier Muñoz txistulari donostiarrari eginiko elkarrizketaren zati batzuk:

37. Txistularien Alardea izan da aurtengoa. Zeintzuk izan dira berezitasunak?

Kontzertu honen bidez, Euskal Herriko musika, musikariak zein pertsona historikoak oroitzen ditugu, bai eta Donostiako historiako gertakari jakinak ere. Aurten, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea erakundearen 250. urteurrena oroitu dugu. Pepe Artola musikari donostiarra ere gogoratu dugu, aurten haren jaiotzaren 150. urteurrena delako. Joxe Uruñuela eta Pablo Sorozabal musikariak ere omendu ditugu, eta, Donostiako Musika Hamabostaldiaren 75. urteurrena ere badela kontuan izanda, gurekin parte hartu dute horko ordezkari batzuek. Bestalde, urtero gonbidatu berezi bat izan ohi dugu; aurtengoa, adibidez, Alex Sardui abeslaria izan da.

Nolakoak izan ziren alardearen hasierako garaiak?

60ko hamarkadan, ohikoak ziren txistulari multzo handiekin egindako alardeak; Donostian, adibidez, plazan egiten ziren, eta Isidro Ansorenak zuzentzen zituen. Gaur egun ezagutzen dugun alardea 1978an egin zen lehen aldiz, ordu hartan Gipuzkoako Txistulari Elkarteko ordezkaria zen Jose Inazio Montesen eskutik. Gogoan dut sekulako jendetza etorri zela gu ikustera. Hurrengo urtean, Montes hil egin zenez, geuk hartu behar izan genuen jaialdia egiteko ardura. Urtero berrikuntzak sartzen baditugu ere, Montesen ideia izan zena gorde dugu.

Kontzertua Aste Nagusiko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa da. Zer ematen dio kontzertuak Donostiari?

Euskal musikaren kutsua zabaltzen du kontzertuak, hau da, Aste Nagusiaren hasierako giro euskalduna ziurtatzen du. Inguruan ez dago horrelako ekintza askori, eta alardean parte hartzen dugunok nahiko «aparte» gabiltzala esan daiteke. Parte hartzaile denak euskaldunak gara. Urtero berrikuntzak sartzen baditugu ere, ez dugu ezaugarri hori ahazten.

Zer esan nahi du zuretzat alardean parte hartzeak?

Urtean egiten den eginkizun nagusia da. Plazan txistua jotzea, hain zuzen, futbolari batentzat Katedralean futbolean jokatzea bezala da. Arrazoi asko daude:Konstituzio plazan jotzen dugu, Donostiako Musika Banda ere gurekin egon ohi da, eta Euskal Herri osotik ehun bat txistulari etortzen dira. Horrek guztiak sekulako poza ematen du, parte hartzaile gehienak ezagunak eta lagunak garelako. Jende asko bildu arren, ondo moldatzen gara elkarren artean koordinatzeko.

Nola ikusten duzu txistularitza gaur egun?

Ez da lehen zen bezalakoa. Gaur egun, gazte asko teknikoki oso prestatuta daude musika egiteko, eta ez dute txistulariekin bakarrik jotzen, baita gainontzeko musika tresnekin ere. Dena den, txistulari gisa lan egin badaiteke ere, gaur egungo mugikortasunak zaildu egiten ditu jardueren prestaketak (kontzertuen antolakuntza edota entseguak, adibidez). Bestalde, hamar urteren ostean, Hernaniko (Gipuzkoa) talde batek Txistularien Bakarkako Txapelketa antolatu du, eta horrek esan nahi du txistularitza munduan proiektuak badaudela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario