2014/06/14

Kalez kale, Iragarpen kontzertua... San Joanak badatozela

Sekulako giroa gaur goizean. Nabari da bai San Joanak ate joka dauzkagula. Goizean Kalez Kale Kantari jendetsua izan da. Iluntzean "Preludioa" izango da.
Urumeako Kronikatik jasotakoa:

20 urtez, San Joanak badatozela abisatzen 

1994an egin zen lehen iragarpen kontzertua eta bertan Hernaniko lau musika taldek parte hartu zuten.  Gaur egun, kontzertua San Joanetako programazioaren ezinbestekoan bihurtu da.

Urtero bezala guztia dute prest larunbat honetan 22:30­etan Hernaniko plaza musikaz betetzeko. Iragarpen kontzertuaren aurtengo programazioa berezia izango da, 20 urte hauetan jo dituzten abestien errekopilazioa egin dute eta. Ruth Martinek, Iragarpen Kon­tzertuko zuzendari artistikoak adierazi du, «zaila izan da aukeraketa egitea, baina azkenean gustokoen ditugun abestiak aukeratu ditugu». Hogei urteetako preludioen laburpena izango da gaur gauean en­tzungo dena.
Duela 20 urte lehen aldiz San Joanak iragartzeko kon­tzertua egin zen Hernanin. 1994ko ekainaren 18an izan zen. Lehen kontzertu hartan Hernaniko Musika Banda, Hernaniko txistulariak, San Joan Parrokiko abesbatza eta Kantuz abesbatza izan ziren. Lehen urteko zuzendariak Manolo Sagarna, Juan Jose Arregui, Javier Zubimendi eta Patxi Apezetxea izan ziren. Lau talde horiek ikusten zuten programazio berezi baten beharra, eta hortik sortu zen iragarpen kontzertua.
Lehenengo kontzertuan, Axe­ri Dantzak eman zion bere ikutua eta euskal dantzen la­gun­tza ere izan zuen Hernaniko musikarien saioak. Hamabi abesti eskaini zituzten, gehienak Hernaniko festen ingurukoak. Mila pertsona inguru gerturatu ziren kontzertura, eta egun bateko arrakasta geroragaldu ezineko zita bihurtu zaie hernaniar askori, Hernaniko San Joan jaien programazioan. Urteak pasa ahala Hernaniko talde gehiago sartu dira iragarpen kontzertuaren programazioan.

20 urteko laburpena, gaur
Urtero Hernaniko talde baten emanaldi berezi bat izaten du Iragarpen kontzertuak. Aurre­ko urtean esaterako, Hernasax saxofoi taldeak, Kantaitak eta Akelarreak parte hartu zuten. Aurten aldiz, ez da talde gonbidaturik izango. Hernaniko taldeen presentzia bai, izango da, eta hogei urte hauen laburpen kontzertuan parte hartuko dute. Programazioan abesti eus­kaldunak interpretatuko dira batez ere, adibidez: Mikel Laboaren Txoriak txori edo Xabier Leteren Adiskide bat bazen. Abesti euskaldunez gain, programan egongo dira akordeoiarekin joko den Ronan Padraig Hardlman-en The Lord of the dance abestia eta Giuseppe Verdiren Nabu­cco, azken hau, 1994ko kon­tzertuan interpretatu zen. Hiru aurkezle izango ditu kontzertuak: Idoia Noble, Niko Lizeaga eta Jon Odriozola.

20 urte, istorio asko
Preludioaren 20 urteetan jende asko ibili da bertako antolakuntzan eta moldaketan. Joxan Goikoetxea izan zen, esaterako, 2002 eta 2003 urteetan zuzendaritza mu­sikala eta orokorra bere gain hartu zituena. Bera­rentzat 2003koa izan zen politena, «ETB etorri zen Hernanira Preludioa grabatzera eta talde guztiek esfortzu berezi bat egin zuten egitarau mardul bat osa­tzeko». Edizio berezia izan zen urte hartakoa, preludioan inoiz parte harte zuten talde guztiak izan ziren eta talde galiziar bat ere etorri zen, gaita eta guzti tabladu gainera igo zena».
Gaur egungo estruktura ur­te haietan jarritakoa da. «Urte hartan finkatu genituen hainbat irizpide estruktura eta an­to­lakuntza aldetik, eta horiek sendotu zuten ekitaldia» adierazi du Goikoetxeak.
Hogei urteotan hainbat gauza gertatu dira preludioaren bueltan. Goikoetxeak Hernanin Entzuna diska oroi­tu du, «preludioaren dinamikaren barruan grabatu zen diska hau, Hernaniko musikaren bilduma da eta Hernaniko taldeek elkarlanean egindakoa». 1999an argitaratu zen, eta San Joanetako musika eta Her­naniko beste hainbat ohituretako musika biltzen ditu.
Preludioaren garrantzia pixkanaka haundituz joan zen eta 1998an Musika Eskola Publikoak, Kantuz eta Doinu Zale musika eskolekin batera, herriko ikastetxe guztietako haurrak bilduz Preludio Txikia antolatu zuten.
Horretaz gain, San Joan zortzikoaren abestiari moldaketa batzuk egin zizkioten 2002an. «Azken moldaketa hori gaur egun urtero entzuten dugu, Hernaniko musikarien lana izan zen moldaketa eta ohitura bihurtu da» dio Goikoetxeak.
2006ko edizioa berezia izan zen, baita ere. Xabier Leteren abesti bat jo zuten kontzertuan. Xabier Lete bera gonbidatu zuten, «lehenengo filan egon zen Lete, asko emozionatu zen bere abestia entzuterakoan» adierazi du Goikoetxeak. Aurten ere, Xabier Leteren abestia entzuteko modua izango da, txistulari eta akordeoi taldeekin, eta abesbatza eta teklatuarekin.

Urteko zita jakina 
hauxe izaten da askorentzat
Kontzertu garrantzitsua da San Joanen iragarpen kontzertua, musikari gehienak hernaniarrak izaten dira eta. Aurten, Hernaniko Musika Banda, Hernani eta inguruko txistulariak, Musika Eskola Publikoko akordeoi taldea, Musika Eskola Publikoko abesbatzak, Kantuz abesbatzak, Ozenki abesbatza, San Joan Parrokiko abesbatzako partaideak, abeslari bakarlariak, Ttarla  dantza taldea, txalapartariak, albokaria, gitarra, teklatu eta pandero joleak ariko dira tabladu gainean.
Talde guztien lan koordinazioan ibiltzen da Ruth Martin, zuzendari artistikoa. Horrez gain, musika zuzendariak, beste hainbat: Garbiñe Orbe­go­zo, Igor Arroyo, Maribel In­sausti, Patxi Apezetxea, Ma­no­lo Sagarna eta Roberto Pacheco hala nola. «Kontzertu berezia izango da, 20 urte hauetan egindako lanaren bilduma» adierazi du Martinek.
KONTZERTUKO PROGRAMA
AGURRA- Herrikoia
Moldaketa: Akelarre taldea eta Xanet Arozena
Bateria, gitarra elektrikoa, teklatua, abeslari bakarlaria eta dantzariak
Zuzendaria: Garbiñe Orbegozo
EUSKAL MUSIKAREN GORESPENA- J. de Uruñuela
Hitzak: Jose Luis eta Jose Ignacio Ansorena
Moldaketa: Jose Mª Gonzalez Bastida
Bateria, musika banda, txistulariak, akordeoi taldea, abesba­tzak eta dantzariak
Zuzendaria: Garbiñe Orbegozo
NABUCCO (Coro di Schiavi ebrei) - G. Verdi
Moldaketa: Musika banda eta abesbatzak.
Zuzendaria: Igor Arroyo
BIGARREN KALEZ KALE-  Pablo Sorozabal
Moldaketa: Kepa de Miguel
Txistulariak, metal boskotea eta abesbatzak
Zuzendaria: Igor Arroyo
THE LORD OF THE DANCE-  Ronan Padraig Hardlman
Moldaketa: Hans-Günther Kólz
Akordeoi taldea, perkusioa, saxofoia eta klarinete bi
Zuzendaria: Maribel Insausti
ITSASGIZONERI- J. Echeverrigaray, Herrikoia, Bruno Imaz
Moldaketa: Kepa de Miguel / J. I. Ansorena.
Txistulariak, metal boskotea, marinba, abesbatzak eta dantzariak
Zuzendaria: Patxi Apezetxea
TXORIA  TXORI
Hitzak: Joxan Artze
Musika: Mikel Laboa
Moldaketa: Javier Busto
Abeslari bakarlariak, abesbatzak eta akordeoi taldea
LEONENA  (Jota eta porrue)-Leon Bilboren errepertorioa
Moldaketa: Xabin Bikandi
Txistulariak, metal boskotea, albokaria, pandero jolea eta dantzariak
Zuzendaria: Patxi Apezetxea
JAIALDIA- Euskal kantariak
Moldaketa: Iñaki Urkizu / Roberto Pacheco
Musika banda, akordeoi taldea eta abesbatzak
Zuzendaria: Roberto Pacheco
DEEP PURPLE MEDLEY- R. Blackmore, J. Lord, I.Paice, 
D. Coverdale, R. Glover, I. Gillan
Moldaketa: Toshihiko Sahashi
Musika banda eta gitarra elektrikoa
Zuzendaria: Roberto Pacheco
ADISKIDE BAT BAZEN-  Xabier Lete
Moldaketa: Joxan Goikoetxea
Musika banda, txistulariak, akordeoi taldea, abesbatzak eta teklatua
Zuzendaria: Maribel Insausti
MENDIRIK MENDI-J. A. Erauskin
Musika banda, txistulariak, akordeoi taldea eta abesbatzak
Zuzendaria: Manolo Sagarna
SAN JOAN ZORTZIKOA-Herrikoia
Hitzak: M. Lekuona
Moldaketa: Joxan Goikoetxea
Txalaparta, musika banda,
txistulariak, akordeoi taldea, abesbatzak eta dantzariak
Zuzendaria: Roberto Pacheco



No hay comentarios:

Publicar un comentario