2012/02/04

Gaur, Otsailak 4, Santageda bezpera deu. 50 urtez kantuan...

Eztagiro. Bi egun damazkigu zero azpiko hotz-beroarekin. Mendian elurra, eta kalean ere. Eguerdian elur malutatxoak (elurgilo) hasi eta hortik aurrera elur-luma zerutik.
--Arratsalderako epelduko ote du?
Santa eskean ibiltzeko lanak izango dira gaurkoan; eskerrak barrukoa berotzeko txorizo ogitarteko beroa, sagardoa eta ardoa ez den faltatuko elkarte batzuei esker. 

GOGORATU: Santa Barbara eta Xalaparta elkarteetan beraien ereserkiak kantatuko direla. Denboa izan deu ba letrak eta doiñua ikesteko ezta?

HERNANIKO KRONIKAN IDATZITAKOA:
`Zorion etxe hontako denoi…´

Hernaniko Ohitura Zaharrak Abesbatza: Santa Ageda bezperako taldea. Bi izen baina helburu bakarra, euskara lematzat harturik Santa Eskeko ohiturari eutsi eta bultza egitea. Gaur, koadrilak 50 urte beteko ditu.

Duela berrogeita hamar ur­te, Santa Ageda bezpera, igan­dez ospatu zen. Aurten, larunbataz. Ordutik, mende erdia igaro da. Urtez urte, otsailaren 4ean ez da kantu eta bertsorik falta izan herriko kaleetan zehar. Iñaki Zubeldiak (Hernani, 1937), Santa Agedako taldearen lehen pausoak ondo gogoan di­tu. «1962. urtea baino lehen, Irizar tabernan, Koldo Goia, Tiburtzio Patxi Odrio­zola eta hirurok bildu gi­­nen Patxiren ekimenez. Eusko Gaztedikoek (EGI) Gerra Zibila aurretik, Santa Agedako talde bat osatu zutela esan zigun. Bera, an­tza, talde horretako partaide izana zen. Urteetako hutsunearen ondoren, Odriozolak, Santa Eskeko talde bat osatu eta berriz irteteko proposamena egin zigun. Baietza eman orduko martxan jarri ginen. Helburua? Euskara eta euskal kultura bultzatzea», esan du Zubeldiak. «Oso oker ez banago –dio pentsakor-, hasierako urtean Joxe Agirre Oranda irten zen gurekin. Angel Osa eta biok, motoan joan ginen bertsolariarekin hitz egitera: Joxe Lizasoren tabernan elkartu ginen. Segituan jarri ginen ados». Santa Ageda bezpera eguna heldu zenean, eztarria urratu samarrarekin etorri zen azpeitiarra. Nondik edo handik eztia lortu eta koilarakada bat ezti hartu orduko egiten zuen bertsotan. Andres Narbarte Xalto, goizuetarra ere bertsotan aritu zen zenbait urtez koadrilarekin. Baita Joxe Mari Ormazabal Turko, Miguel Arozamena, Eusebio Igarza­bal eta Joxe Fermin Argiña­re­na ere. Zer esanik ez Antton Garin eta Julian Ezeiza Aterpe ere. Eta noski, herriko bertso eskolako hamaika. Kalea, oholtza aproposa baita ber­tsoetarako.
Kanturako prest
  «Ba al gea?», galderari adostasuna eman orduko ekiten dio taldeak kantuari. Bakar­laria edo solistaren txanda. Zubeldia lan horretan aritu zen zenbait urtez: «Kantak, makila eskatzen du, eta bere erritmoan kantatzen dira santaren ibileraren bertsoak». Taldeak, egun bezala, kaxkoan barrena egiten zuen kale buelta. Plaza nagusian hasten zuten saioa arratsaldeko zazpiak aldera. Amaitu, ostera, hamarrak inguruan. Gero, partaideak, urteetan, Joxe Mari tabernan bildu ziren afaltzera. Otordua egin, eta etxera. A, eta hurrengo egunean, bat baino gehiago, goizean goiz, lanera. Egun, Santa Agedako koadrila -Hernaniko Ohitura Zaharrak Abesbatza-, herriko txistularien laguntzaz irteten da. Hasierako zenbait urteetan, ordea, soinujole bat ari­tzen zen. «Urte batean Baztan inguruko nafar oso iaio bat ekarri genuen. Oso iaioa zen», gaineratu du Zubeldiak.
Bakarlaria
Zubeldia ez ezik, Pako Teje­dor ere aritu zen solista lanetan. Pasadizo bat primeran gogoratzen du Zubeldiak. Hasierako urteren batean, Agustin Peñak, Odriozolari bakarlari izan nahi zuela esan zion. «Eguna iritsi zenean, denok aho zabalik utzi gintuen. Hasierako makilkada jo, ´eupakoa´ bota, eta primeran bete zuen bere lana Agustinek!». Taldetik urrun ez zen bere amak, Iñaxi Goñik, malkoak zeriola en­tzun ei zuen bere semea kantari. Ederki hunkitu omen zen. Irribarre batekin gogoratzen du Agustin Peñak (Hernani, 1944) pasartea. Atzo balitz bezala. «Patxiri kantatzea proposatu nionean denak beldurtu egin ziren», erantsi du. «Peña dendaren parez pare kantatu nuen». Duela bi egun, urteak be­te zituen Peñak. Bi ospakizun bi egunen buruan. «Santa Age­dako taldeko partaide izan nintzen hasieratik eta lauzpabost urtez parte hartu nuen, guztira 25 bat lagun aritzen ginen kantuan. Hotz galantarekin ere irten izan ginen», azpimarratu du. «Egungo Musika Eskolaren sotoan en­tseatzen genuen. Lehen urteetan dezente; astebetez bai behintzat», esan du Peñak. Tiburtzio Patxi Odriozola zen taldearen gidari. «Lanak ondo egitea gustatzen zitzaion. Zorrotza zen», dio Peñak. «Beti serio zegoela zirudien baina zirikatzaile hutsa zen». Herritar asko hurbiltzen zen taldea kantuan hasten zen orduko. Eskean ere egiten zuten. «Lehen urte haietako batean, kaokolatarrak ezizenez ezagutzen zen sendiko batek semea elbarria zuen, eta bildutakoa harentzako bideratu genuen», zehaztu du Zubeldiak. Jasotzen zen dirua, ongintza ekimenen bate­rako izaten zen. 1963an, adibidez, tuberkulosiari aurre egiteko osasun-egoitza batera eraman ziren sosak. «Saioa bukatu ondoren Joxe Mari tabernan egiten genuen afaria ez genuen bilduriko di­rua­rekin ordaintzen. Otor­dua bakoitzak bere patrikatik ordaintzen zuen. Eta soldadutzan zeudenei, edota sosik ez zutenei, beno, Patxi (Odriozola), hustuko al dugu pixka bat gehixeago patrika? esanda, haiei ere ordaintzen zitzaien afaria», erantsi du Zubeldiak. Taldekideek, ba­tzuetan angulak ere afaldu izan zituzten. Ez zuten egungo preziorik, noski.
Lemazaina
Bera da Santa Agedako koadrilan urte gehien darama­tzan partaidea. Artaldeko ar­tzaina da Joxe Ramon Be­roitz (Hernani, 1946). «Ha­ma­bost urte nituen 1962an irten nintzenean. Parrokiko abesbatzan hasi berria nin­tzen tenore lanetan. Nire ka­buz hurbildu nintzen taldera: gaur arte!», gaineratu du. Oroitzapen gozoak. Bil­du, eta umore pixka bat jar­tzen zuten herrian. Iñakik, Agustinek eta Joxe Ramonek gaur ere ez dute hutsik egingo. Santa Eskean aterako dira. Eta beraiek bezala, beste asko. Izan ere, hernaniar guztiak gonbidatuak baitaude.
 Urteurren opariak
 Hernaniar asko bezala, Luis Telleria (Hernani, 1944), margolari eta eskultorea, Santa Agedako koadrilako partaide izan zen: «Juan, anaia eta biok elkarrekin atera ginen». Koa­dri­laren giro aparta bereziki azpimarratzen du. «Gustura aritzen ginen kantari», dio.
Ohitura eta taldeari dion begiruneagatik, espresuki, iru­di bat eratu du Telleriak men­de erdia ospatzeko. «Erdi-er­dian txapela ageri da, eta atzean hiru makil. Santa Agedako kantu-lagun nagusienetarikoa. Tartean maindirea, Santa Es­keko funtsa».
Julian Ezeizak Aterpe eta  Antton Garinek ere bere ekarpena egin nahi izan dute, urtetan izan baitira taldeko partaide.
Berrogeita hamar urte badira
Santa Agedan izenian.
Talde eder bat bildu ginaden
Patxi maisun esanian.
Geroztik bertso, kopla ta makil                    
soinua izan da herrian,
egun ederrak ez dira ahazten
bizi garen bitartian.
(Antton Garin)
Berrogeita hamar urte
pasa dira jada,
norbaitek sentitu zun
Bertso hotzikara.
Santa Ageda bezperan
ospatzeko garra,
herritarrak elkartu,
emanez bultzada,
jarraitzen dezutenoi
nire besarkada.
(Julian Ezeiza ‘Aterpe’)

No hay comentarios:

Publicar un comentario